HITANOA

ALOKUTIBOAREN BIDE OKERRAK

 

Gramatikalki eta sozialki alokutiboaren erabilera batzuk zuzenak izanik, desegokiak eta jatortasunik gabeak suerta daitezke, komunikazioa motelduz eta belarrira deserosotasuna ekarriz.

 

Neutralizazioa

Bi jatorritako adizki homonimoak diskurtsoan metatzea, erregistro neutroan ederki bereizten direnean:

Dut > di(n)at eta dizut > di(n)at
Da > dun/k eta duzu > dun/k

Adizki homonimoa nabarmena eta nekagarria egin daiteke.

Konponbidea: adizki elipsia eta esaldiaren egitura aldaketa.

 

Proiekzio faltsuak

Beste pertsona batekin (ez geure buruarekin, zuzena eta egokia bailitzateke) geure buruaz edo orokorrean ari garenean 2. pertsona erabiltzea. Hori erdarakada da.

Konponbidea: 1. pertsonan aritzea. Singularrean, edo bestela pluralean, kutsu orokorra eman nahi badiogu jardunari; 3. pertsonan, diskurtsoa inpertsonalean taxutzeko.

 

Inpertsonalak

Subjektu zehatzik gabeko alokutiboko perpausak esanahi aldetik nahasgarri bihur daitezke, subjektua hi pertsona dela ematen baitu:

Hori horrela egiten dun/k (egiten da? duzu?)
Dirutza handia behar dun/k (da? duzu?)

Konponbidea: esaldiaren egitura aldatzea.

 

Adizki arrotzen erabileraren aurreko bideak

Euskalkian ohituta dagoenari araututako alokutiboaren adizki batzuk arrotz gerta dakizkioke, eta honen aurrean akats gramatikalera jotzen du, edota tx kontsonantea erabiltzera.

Jo nain/k > * jo zidan/k; * jo nitxon/k

Konponbidea: ez badugu adizki arrotza erabili nahi, esaldiaren egitura alda
dezakegu.

 

Adizki sorkuntza okerra

Ezagutza faltak eraginda:

* henkien > hekien
* Utz hitzak > itzak
* Porta adi > hadi
* hitzaian > zitzaian
* hintuzket > hinduket
* nautek > naitek
* nintzatekek > nindukek

 

Taldean hika aritzea

Alokutiboak pertsona bati zuzentzen ari gatzaizkiola adierazten du; ondorioz, talde oso bati zuzentzen gatzaizkionean alokutiboa erabiltzeak ez du zentzurik.

 

Estilo zuzena ez zaintzea

Beste norabiten hitzak edo norberak beste une batean esandakoak hitzez hitz errepikatzen ditugunean, beharrezko pertsona eta denbora aldaketa egin behar diren neurri berean, alokutiboaren erabilera ere hitz hitz esandakoari egokitu beharko diogu.

 

* IRAKASLEAREN OHARRA

Diotenez, antzina ez zen alokutiborik erabiltzen hika ari zirenean. Beraz, ez diot zentzurik ikusten jatortasunaren izenean alokutiboaren erabilerarekin aizkora baino zorrotzagoak izateari. Alokutiboa arautzat hartu behar ez genukeelakoan nago; egoki datorkigunean erabil dezakegun baliabidetzat hartu beharko genuke. Hartara, hika hitz egitea erosoagoa eta atseginagoa egingo litzaiguke. Eta ikas prozesuarentzat garrantzitsuagoa dena: errazagoa.

Ikusi PDFa